ARTEA

JAI Jardun Artistikoentzako Institutuaren seigarren edizioa

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Artium Museoa Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Jorge Oteiza Museo Fundazioaren laguntzarekin, 2025eko uztailean eta abuztuan izango den JAI, Jardun Artistikoentzako Institutuaren seigarren edizioa abian jarri dute. Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Programak “artistek artistentzat diseinatutako proposamen pedagogikoen bidez eta jakintzak transmitituz prestakuntza sustatzen du”. JAI 2025ek, orain arte, Marwa Arsanios, Claire Atherton, Josu Bilbao, Fermín Jiménez Landa, Maider López eta Éric Lacasaren parte-hartzea iragarri du.
Gehienez 16 ikasle hautatzeko prozesuan parte hartzeko, hautagaiek Artium Museoaren eta Tabakaleraren webguneetan deialdiaren oinarriekin batera aurkituko duten inprimakia bete beharko dute, curriculum vitaea eta biografia, motibazio-gutuna eta aurreko lanen irudiak biltzen dituen dosier digitala erantsita.
Ibon Aranberri (artista), Itziar Okariz (artista), Alejandro Cesarco (artista), Olatz Otalora (artista), Catalina Lozano (Artium Museoko komisario nagusia) eta Oier Etxeberria (Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) izango dira JAIko ikasketa-batzordeko kideak eta haiek arduratuko dira 16 parte-hartzaileak hautatzeaz. Emaitza martxoaren 14an argitaratuko da.

Programak zortzi asteko iraupena izango du, eta bertan, irakasle bakoitza bere lan-prozesuak definitzen dituzten jakintza praktikoak ikasleei transmititzen saiatuko da.

Diogun moduan, formakuntza-saioak 2025eko uztailaren 2tik abuztuaren 22ra bitartean izango dira eta Artium Museoan hasiko dira.

Informazio gehiago, deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa Tabakaleran eta Artiumen dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button