LITERATURA

Ja! jaialdiak Kafkaren umorea omenduko du

Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko XV. Jaialdia urriaren 10etik 20ra egingo da Bilbon. Betiko legez, makina bat gonbidatu izango ditu, eta horien artean, Zadie Smith, Carlos Areces, Juan Villoro, Manuel Vilas, Ignacio Echevarría, Monika Zgustova edota Bernardo Atxaga egongo dira.

Aurten,  Kafkaren unibertsoari buruz hitz egingo dute, eta idazle txekiarraren bizitza eta obra erakutsiko dituen Kafka Kaleidoskopioa erakusketa ere ikusgai izango da EHUko Bizkaia Aretoan. Bertan parte hartu duten artista batzuk Robert Crumb, Miquel Barceló, Paco Roca, Max, Ana Juan, Fernando Vicente, Tom Gauld, Luis Scafati, Peter Kuper eta Renáta Fučíková dira.

“Kafkaren estilo paregabe horretan, ezohizko umorea ere aurkitzen dugu. Jaialdiko antolatzaileen ustez, arrandiarik gabe dena asmatu zuen egilearen ikuspegi berezia egokia eta interesgarria zen umorezko literaturan espezializatutako ekitaldi baterako. Jaialdiko zuzendariek, Juan Basek eta Carolina Ontiverok, Kafka hautatu zuten 2024ko edizioko gai nagusitzat. Hala, bide batez, Kafkaren lana existentziaren ikuspegi ilunekin eta etsigarriekin lotzeko joera erauzten lagundu nahi izan dute, haren literaturan umoreak duen garrantzia baztertzearen ondorioz gertatu ohi den akatsa baita hori.”

Jaialdian ohiko bihurtu den sekzioetako bat ere ez da faltako: gonbidatu batek (Manuel Gutiérrez Aragón zinemagile eta idazlea) bere umorezko hamar sekuentziarik gustukoenak aukeratuko ditu. Eta Eduardo Torres-Dulceren eta Juan Basen arteko solasaldian, Kafkak bere garaian ikus izan zitzakeen sekuentzia batzuk erreproduzituko dira.
Horrez gain makina bat elkarrizketa, adibidez, Bernardo Atxaga Roberto Mosorekin  arituko da berbetan.

Diogun moduan, Ja! jaialdiaren hamabosgarren edizioa urriaren 10etik 20ra egingo da Bilbon. Lehen astean, BBK Sala izango da egoitza nagusia, eta bigarren zatia EHUko Bizkaia Aretoan egingo da.

Xehetasun guztiak: Ja! jaialdia

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button