
Gor diskoetxetik, udazkenari begira eta Durango Azokarako aterako diren nobedadeen berri jaso dugu.
Hirukote gazte-gaztea den Ibaik, Julenek eta Ikerrek osatzen dute Altxatu, eta hauek lan homonimoa aterako dute. Irunberrin (Nafarroa) bizi dira. Pasa den urtean hasiera eman zioten taldeari eta jada arreta deitu dute egiten duten musika heldu eta aldi berean freskoarengatik, eta haien abestiei The Clash edota Hertzainaken lehen diskoko nolabaiteko kutsua ematen diete.
The Icer Companyk Ur abisalen espedizioa izeneko lana aterako dute. “Zonalde abisala ozeanoaren zonalderik sakonena da. Eremu ilun, hotz eta sakona. Hau pertsonaren barren barrenekoa irudikatzen du, norberaren zonalde sakon, bakarti eta ezezaguna”
Yogurinha Borovak Bai si yes izenburuko lana kaleratuko du. “Las Fellini kabaret taldearekin egiten dituen emanaldiez gain, Bizkaiko hiriburuan eginiko argazki erakusketez gain, olinpiaden apetez gain, laugarren bizi bat ere badu, bizitza musikala hain zuzen ere, egunero musikari ezberdinei bere disko berriarendako abestiak egin diezaioten eskatuz. Bai si yes izeneko CD honetarako, gazteleraz eta euskaraz eginiko abestiak bilduz joan da. Laguntzaile asko izan ditu: Iker Sádaba ( Hemedik At), Aitor de Olano (Korroskada), Fernando Carvalho, Los Ganglios, Oier Aldekoa, Putirecords, Algora eta kolaboratzaile andana bat.
Eta azkenik, Los Carniceros Del Nortek 2013 Maniakos izeneko diskoa ekoitziko du. Death rock hirukote euskaldunak pasa den urteko udaberrian Mexikora joan ziren haien laugarren diskoa grabatzera eta baita DFn eta Los Angelesen jotzera. Bidaia handi honetatik honako lan hau editatu dute.