MUSIKA

“Izar&Star” zikloa apirilaren 7an hasiko da

Jatorri argentinarra izan arren, aspalditik egoitza Bilbon duen Capsula hirukoteak Izar&Star musika zikloa zabalduko du apirilaren 7an Bilboko Cupula Aretoan. Egitarauak Bizkaiko zortzi talderen kontzertuak bilduko ditu eta bakoitzak talde, genero, disko edo artista bat omenduko du. Hala, aipaturiko Capsulak David Bowieren Ziggy Stardust and The Spiders from Mars diskoa joko dute oso osorik. Horrez gain, bere ohiko errepertorioa ere joko du.

Ekimena gaur aurkeztu dute Bilbon. Bertan, Javier Corral egitarauaren sustatzailea eta koordinatzailea, Ignacio Casado SGAEko ordezkaria, Capsulako Coni Duchess baxu jotzailea eta Roberto Moso Zaramako abeslaria izan dira.

Zaramak maiatzaren 12an joko du eta 80ko hamarkadako euskal taldeen doinu ezagunak egokituko dituzte. “Bertsioak oso ezberdinak izango dira, kantuari giroa aldatzen saiatu gara eta, agian, baten bat mindu dezakegu, kar, kar”. Esaterako, Eskorbutoren Ratas en Vizacaya doinu ezaguna balada bihurtu dute.

Conik, halaber, esan du David Bowiren Ziggy Stardust taldearen eragina nabarmena dela Capsulan, “taldearen izena ere Bowiegatik da”. Aipaturiko grabazio hori, gainera, oso barneratuta du hirukoteak. “Gure hezurretan sartuta dago, eta disko hori jotzea jatorrietara itzultzea izango da”. Oholtzak Audienceko Gaizka izango dute lagun.

Javier Corral egitarauaren sustatzaileak azaldu du talde bakoitzak 80 minutu joko dituela: lehenengo erdian errepertorio propioa joko dute eta bigarrenean omendua izango dute ardatz. Orotara, zortzi taldek joko dute ekimenean eta lau kanpoan gelditu dira denbora kontuak direla-eta. “Taldeek identitate eta nortasun propioa dute, eta prestigio handikoak dira, hemen, Estatuan eta atzerrian”. Horrez gain, esan du ez dela ekimen “klonikoa”, gakoa omenduak “berrinterpretatzea” dela. Taldeak aukeratzerakoan bi irizpide erabili ditu nagusiki: gertutasuna eta sasoian izatea. “Ezinbesteko bandak dira”. Nolanahi ere, kanpoan gelditu diren lau taldeak uda ostean, “irailean edo urrian”, berreskuratzeko asmoa agertu du eta horiei Euskal Herriko beste batzuk gehitu. Izan ere, lehenengo edizio honetako zortzi taldeak Bizkaikoak dira.

Ekimena leihatilan bildutako diruarekin finantzatuko da. Honatx egitarauan parte hartuko duten gainontzeko taldeak: Santi Delgado & Runaway Lovers – Ramones (apirilak 14), Sonic Trash – Velvet Underground (maiatzak 5), Bilillo y Los Sullos – The Kinks (maiatzak 19), McEnroe – Will Oldham (maiatzak 26), Jukebox Racket – Elvis Presley (ekainak 9) eta zikloa amaitzeko Young Tallent Show – Neil Young (ekainak 16).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.