Asel Luzarragak (Bilbo, 1971) Gezurra Odoletan (Txalaparta) izeneko eleberria aurkeztu du gaur goizean Bilboko Gatazka Gunean. Bilbotarrak Txilen bizitakoa jaso du nobela berrian. Izan ere, kartzelaratua izan zen akusazio faltsupean, Maputxe herriarekiko elkartasuna agertzeagatik. Eleberri baina ez da erabat autobiografikoa, istorioa giro beltzez jantzi baitu. “Eleberri beltz baten zantzuak ditu”, esan du Mikel Soto editoreak. Chandler eta Hammet noir generoko izen klasikoak aipatu ditu Sotok. “Jendeak kutsu beltz hori ikustea gustatuko litzaidake”, gaineratu du.
Aselek hartu du gero hitza. “Neurri batean nahikoa pertsonala da, eta horrek eragina izan du idazketa prozesuan, batez ere nire aldartean”.
Eleberria azkar idatzi du bilbotarrak. Izan ere, Txilen zegoela bururatu zitzaion liburua idaztea, eta behin espetxeratuta, prozesua azkartu egin zen; kartzelan hasi zen zirriborratzen. “Bizipen horiei esker, Txileko errepresioak, justiziak, eta fiskalek nola funtzionatzen duten lehen eskutik ikusi nuen”.
Jon gaztearen istorioa kontatzen du liburuak. Iragan iluna duen mutilak Vero txiletarra ezagutuko du Internet bidez eta bertako Temuko hirian elkartuko dira. Veroren lagun baten bitartez, maputxe herrian borroka ezagutuko du Jonek. Laugarren pertsonaia bat Omar fiskala da, eta bosgarren bat ere bada: Hugo maputxe herriko kidea. Bost pertsonaia hauen gatazka pertsonalek osatzen dute kontakizunaren muina. “Zenbat den fikzio eta zenbat errealitate ez dut kontatuko, izan ere, benetako pertsonaiengandik urruntzen saiatu naiz”. Dena dela, Jonek idazlearen zenbait ezaugarri ditu.
Genero beltzeko hainbat liburutan gertatu ohi denez, pertsonaia guztiek galtzaile itxura daukate. “Ez dago erabateko galtzaileak diren pertsonaiak, garaipentxoak eta porrotak bizitzen dituzte”. “Sistema honetan irabazle gutxi daude”, erantsi du.
Harreman horien bitartez idazleak hainbat gai politiko ere azaldu ditu. Esate baterako, Omar fiskalaren bitartez gatazka etikoak jorratu ditu. “Errugabe eta errudun kontzeptuak zalantzan jarri nahi izan ditut”.
Horrez gain, elementu sinboliko ugari daude, besteak beste, ametsek zama sinboliko handia gordetzen dute. “Maputxeek uste dute ametsen bidez etorkizuna ikus daitekeela, hori espiritualtasunarekin lotzen dut, ateismoa eta espiritualtasuna ez baitira gauza bera”.
Espetxean sentitu zuen Euskal Herriko elkartasuna ere jorratu du lan berrian, bakardadearekin eta isolamenduarekin kontrajarrita. “Kartzelan dauden guztiek behar dute elkartasuna”, nabarmendu du. “Nobela niri gertatutakoaren ifrentzua da, baian istorio poliziakoz jantzia”, azpimarratu du amaitzeko.