MUSIKA

Kumbia Queers-ek EHZ jaialdiaren alde joko du Hendaian

Argentinako Kumbia Queers taldeak Euskal Herria Zuzenean festibalaren aldeko kontzertua emango du bihar, Hendaiako gaztetxean, 20:30etik aurrera.

Kumbia Queers taldea 2007an eratu zen Buenos Airesen; Argentinako She-Devils eta Happy Makers taldeen eta Ali Gua Gua Mexikoko Las Ultrasónicas bandako abeslariaren arteko elkarlanetik sortu zen egitasmoa, hain zuzen. Argentinarrek estiloen fusioa jorratzen dute, kasu honetan, punk rock, cumbia eta musika tropikala.

Taldea The Cure, Madonna, Ramones eta Black Sabbath taldeen kantuak moldatzen hasi zen cumbia kutsua gehituz. Era berean, hitzetan, umorea eta queer gaiak txertatzen hasi ziren. Hala, taldea eratu zen urtean bertan lehenengo lana plazaratu zuten, Kumbia nena!.

Hirugarren diskoarekin batera, Pecados Tropicales (2012) kantu propioak lantzen hasi ziren, eta horrekin batera, taldea ezagunagoa egin zen. Hala, Europara ere iritsi ziren, tartean, Stockholm eta Madrid.

2014an, bira egin zuten AEBetan barrena, eta urtebete geroago, Canta y no llores lana plazaratu zuten, baina Ali Gua Guak ez zuen ja lan horretan parte hartu. Lan hori Europan aurkeztu zuten. Ibilbide oparo  horren ondorioz, argentinarren kantuak planeta osoan entzuten dira: Feriado nacional, Chica del calendario, Mientes, Gascón, Daniela eta Celosa, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button