
Ostiralean eta larunbatean, Fuzz in the City rock’n’roll jaialdia egingo da Bilboko Hika Ateneoan. Guztira, sei talde arituko dira: ostiralean, Tequilasavate (Frantzia), La Hora del Primate (Bilbo) eta Los Bengala (Zaragoza); larunbatean, berriz, The Jezebels (Britainia Handia), Wolf Wolf (Suitza) eta Oh! Gunquit (Britainia Handia).
Tequilasavate gizon-orkestra formatuan jotzen duen musikari frantziarra da, eta askotariko estilo zaharrak jorratzen ditu: rock’n’roll, blues, surf, punk, garage, rockabilly, hard rock, doom… Estilook, gainera, terrorezko film klasikoetako estetikarekin uztartzen ditu. Zaragoza hiriko Los Bengala, berriz, bikote primitiboa da; Guillermo Sinnerman (ahotsa eta gitarra) y Borja Tellez (ahotsa eta bateria) musikariek garage-rock kutsuko festak muntatzen dituzte oholtzan.
La Hora del Primate talde bilbotarra eratu berria da, taldekideak ibilbide luzeko musikariak diren arren: Rioja abeslaria (The Paniks, Atom Rhumba, Munsterland); Alberto bateria jotzailea (Capsula, Elfon Negro); Barrio gitarra jotzailea (Inserta, Elfo Negro), eta Alberto baxu jotzailea (Bugatti, Roscachapa). Laukoteak punk, blues eta soul estiloak jotzen ditu. Haaien estreinako lan argitaratu dute, Euskal Primate School.
Larunbateko taldeen harira, The Jezebels hirukote britainiarrak rock klasikoa jotzen du, emakumezko ahotsekin jantzia; Wolf Wolf, ostera, bikote suitzarra da, eta jaialdiaren antolatzaileen aburuz, “trash’n’roll” estiloa jotzen dute; azkenik, Oh! Gunquit britainiarrek “Rumble-Bop, Trash, Stomp, Blitz banda da, zeinak R&R gordina, garage-rock basatia eta Freak-a-Billy osagaiak nahasten dituzte bere edabea prestatzeko”, iaz, Eat Yuppies and Dance izenburuko diskoa argitaratu zuten.