IKUS-ENTZUN

Iratxe Fresnedaren “Lurralde hotzak” filma FAS Zineklubaren eskutik

Gaur berton, hilak 19, FAS Zineklubak Iratxe Fresnedaren Lurralde hotzak izeneko filma eskainiko du Bilboko El Carmen aretoan, 18:30etik aurrera (musukoa erabiliko da eta izena eman behar da joan ahal izateko). Iratxe Fresneda bera izango da aretoan bere dokumentala aurkezten, eta behin dokumentala ikusita, berarekin hitz egiteko aukera egongo da.

Filmak barrenetik hasten den bidaia pertsonala kontatzen du, begiratzeko modu bat, arnas egiteko bide bat. “Zer gertatzen da, baina, norbere joan-etorriek Theo Angelopoulos, Bego Vicario, Win Wenders edota Rut Hillarp zinemagileen begiekin topo egiten dutenean? Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian barrena, lurralde hotzetan barna, norbere lorratzak poema bilakatzen dira”.

Zinemagintzaren zinemagintza da Lurralde hotzak. Eguzkiak erretako paisaietatik, iparraldeko argi urdinetik iraganda, filmak zinema-artxiboez hausnartzen du, haien iraunaldiaz eta kultura altxor moduan daukaten garrantziaz. Zinemagintza eta bizitza nahasten dira ikus-entzunezko artefaktu horretan.
Zuzendariaren hitzetan, “Lurralde hotzak filmak geruza asko ditu. Askatasuna bilatzen dut nire lanetan, eta horregatik ez dut pelikula itxi bat egin. Areago, esango nuke film asko daudela film honen barruan: memoria historikoaren eremutik igarotzen naiz, eta baita Euskal Herriko emakume sortzaileen eta Eskandinaviakoen ondaretik ere. Horregatik, road movie formatua aukeratu dut hari edo gidari gisa. Baina ikusle bakoitzak bere bidaia egin dezan nahi dut”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button