
Atzo hasi zen aurtengo Cortada Gasteizko film laburren jaialdia eta ostiralera bitarte, azaroak 30, iraungo du. Aurtengo edizioan 587 film labur jaso dituzte, iaz baino 130 lan gehiago, eta asteon 67 ikusi ahalko dira lehiatzen sekzio ezberdinetan: 8 animazio lan, 12 dokumental, 26 fikziozkoak, 11 Gureak atalean, 6 Hemengoak sekzioan, eta lehiaketatik at beste zortzi, Freaky Power Gaua izeneko emanaldiaren baitan.
Lanak Guridi zine aretoetan eta Artium zentro eta museoan ikusi ahalko dira. Gaur bertan bi saio izango dira, Artiumen eta Guridin, 19:00etan eta 21:00etan, hurrenez hurren. Artiumen dokumentalak izango dira, A Story For The Modlins (Sergio Oksman), Berriro Igo Nauzu (Carlos Rodríguez), eta Carta a Sasha (Javier Reverte eta Andoni Jaén), besteak beste.
Guridin, aldiz, fikziozko eta animaziozko filmak izango dira ikusgi, tartean, El Escondite (Andrés Curbelo B eta Pablo FC Gómez), Jacobo (David del Aguila), eta Bendito Machine IV (Jossie Malis).
Asteazkenean ere, azaroak 28, bi emanaldi izango dira toki eta ordu berdinetan. Bai Guridin, bai Artiumen, fikziozko eta animaziozko lanak proiektatuko dira, hala nola, El Nacimiento (Xavi Sala); Luisa no está en casa (Celia Rico Clavellino); El Hijo (Venci Kostov), eta Yo quiero tu vida (Gerardo de la Fuente López).
Jaialdia Jimmy Jazz aretoan egingo den sari banaketarekin amaituko da. Ekitaldian, gainera, Silvia Supertar Killer Barbies Galiziako musika talde ezaguneko kide ohiaren egitasmo berriak parte hartuko du.
Jaialdiaren xehetasun guztiak (filmen datuak, epaimahaikideak, emanaldien ordutegiak, eta bestelakoak) UPV/EHUren webgunean jasotzen dira.



