
Sestaoko Unai de la Iglesiak (bateria) eta Ibon Rodriguezek (gitarra) osaturiko Eten bikoteak ATX! izenburuko bosgarren lan luzea aurkeztuko du gaur, Bilboko Kafe Antzokiko goiko solairuan, 20:00etan.
Halaber, 21:30etik aurrera, The Montesas rock-and-roll banda alemaniarrak joko du Kafe Antzokiko areto nagusian, JR. Thomas reggae musikari estatubatuarrarekin batera.
Eten bikote bizkaitarraren lan berriak hardcorearen amorrua eta esperimentazioaren askatasuna uztartzen ditu. 90eko urteetan jazz-core etiketa erabili zen antzeko ezagugarriak biltzen zituzten taldeak definitzeko, tartean, No Means No eta Victim’s Family; hots, abiaduraren eta erritmo aldaketa ugariren batuketa.
The Montesas, berriz, rock-and-roll banda festazalea da. Bere proposamenean, surf, rockabilly eta new wave estiloak uztartzen dira. 2001ean argitaratu zuten haien lehen lana, eta harrezkeroztik, makina bat disko plazaratu dituzte, azkena Imperial Surfers espainiarrekin partekatutako Battle Of The Bands.