
Donostian, Bilbon eta Elorrion film interesgarriak proiektatuko dira gaur. Hala, Donostiako Egia Kultur Etxean Looking for Mr. Goodbar (Richard Brooks, 1977) filma aurkeztuko da, 19:15ean, Bideo-forumaren baitan.
Filmak Therea Dunn (Diane Keaton) protagonistaren nondik norakoak kontatzen ditu. Lagun batekin harreman labur bat izan ostean, familia uztea erabakiko du, itota sentitzen baita. Hortik aurrera, emakumeak metamorfosia hasiko du: goizez, haur gorrak hezten dituen irakaslea izango da, baina gauez, hiriko zulo likitsetan murgilduko da, plazer ilunen bila.
Bilbon, berriz, Patrice Chéreau zinegile frantsesak zuzendutako film berriena aurkeztuko da, FNAC dendan, 18:00etan: Persécution (2009). La Reine Margot (1994) eta Ceux qui m’aiment prendront le train (1998,) Chéreauk filmatutako beste bi film entzutetsu. Emanaldia Institut Français erakundeak ondu du.
Azkenik, Elorrioko Iturri Kultur Etxean, Master of the Universe (Marc Bauder, 2013) dokumentala ikusi ahalko da. Lanak Alemaniako bankari boteretsuen unibertsoa jorratzen du.