ARTEA

Azkuna Zentroak “Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik” erakusketa abiatu du

Azkuna Zentroak Ana Laura Aláez artistaren Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik erakusketa paratu du irailaren 26ra arte. Erakusketak artistaren azken hiru hamarkadetako lana biltzen du, “eta bere produkzioaren azterketa zabaltzen du, gaur egungo arte-panoramako garrantzitsuenetakoa”. Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik  Aláezen jaioterrian aurkezten den tamaina honetako lehen erakusketa monografikoa da.

Erakusketak azken hogeita hamar urteetan artistaren obran azaldu diren gaietan du oinarria: “gorputza idulki gisa, idulkia eskultura gisa, eskultura kanta gisa, gaua material gisa, identitatea gatazka gisa, inpostura aukera gisa”.

Erakusketa lau multzo tematikotan banatuta dago: Objektu eta luzapen zitalak; Eszitazioa eta hutsunea; Indarkeria eta zaurgarritasuna; Mitoa, emakumearen sexualitatea eta kamuflajeko ideologia. Era berean, “obren arteko elkarrizketa gisa planteatzen da, atzera begirako kontzeptutik aldenduz. Espazio bakoitzak pieza nagusi bat aurkezten du, hainbat obra multzoz inguratua, denbora linealeko irakurketa saihestuz, eta lan bakoitza gainerakoekin lotzen saiatuz, forma zatikatu horiek multzo berri bat osa dezaten”.

Guztira 47 pieza dira, 14 argitara gabekoak, eta laurogeita hamarreko hamarkadatik gaur egun arte egindako obrak La cortesana (1992-2021), Pulseras (1993- 2014), Piel de naranja (1995-2021), Metal Lipsticks (1999-2021), Wonder Woman P.A (1993), No hables con extraños (1989), Braintree P.A (2008), Impostura (2014), Uñas rojas (revisited) (1991-2021) edo Loba (2014) bezalakoak.

Ana Laura Aláezek “emozioen arkitekto” gisa definitzen du bere burua, eta edertasuna ez dagoela estandarizazioan, desberdintasunean baizik aldarrikatzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button