ARTEA

Industriaren historiari artearen bidez so egiteko aukera

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen La Encartada Fabrika-Museoak industriaren iraganari begiratzeko aukera luzatuko du Gerardo D´Abraira marrazkilari ospetsuaren obraren bidez. Hogei marrazki baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta uztailaren 7ra bitartean bisitatu ahal izango da.

Gerardo D´Abraira artista horrek “1940ko eta 1950eko hamarkadetan irudikatu zuen Euskal Herriaren indar industriala, tintaz eta akuarelaz egindako aireko bistak baliatuz, betiere paperezko euskarri handietan. Dokumentalista zorrotza zen D´Abraira, eta, fabrika-instalazioen funtsa atzemateaz gain, mailarik goreneko profesionala zela erakutsi zuen, agerian uzten dutenez haren teknikaren zehaztasunak eta lerroaren, kolorearen eta xehetasunen tratamenduaren sotiltasunak erabiltzeko eraginkortasunak.”

Erakusketak hogei marrazki baino gehiago biltzen ditu, batzuk euskal enpresenak dira (Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizados), eta beste batzuk, berriz, Euskaditik kanpokoak, adibidez, Fabril Sedera (Burgos), Metalúrgica del Tormes (Salamanca), Lino Enguídano (Valentzia) eta Bertrand i Serra (Manresa).
Obra harrigarriak dira, bai tamaina handikoak direlako eta bai zehaztasun handiko teknikaz eginak direlako.

Lau esparrutan egituratu da erakusketa. Lehenengo eremuan, bere marrazkietarako nahien zituen paper neurri zehatzak nabarmentzen dira, neurrion aukeraketan eragina baitzeukaten, batetik, lanak enkargatzen zizkioten enpresek berek eta, bestetik, tamainak eta kolorea sartzeak berekin dakarten kostua. Bigarren eremuak D´Abrairaren hedapen geografikoa aztertzen du. Hirugarren eremuan, haren lanak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo jaso zuen errekonozimendua izango da ardatz. Azkenik, laugarren eremuak D´Abrairaren obren hedapena eta galera jorratzen ditu, nabarmenduz enpresek zenbat argazki-erreprodukzio zabaldu zituzten eta nola gertatu zen jatorrizkoetariko batzuk galtzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button