IKUS-ENTZUN

Ikuspegi feministatik begiraturiko zinema gaurtik aurrera, Nosferatu zikloan

Tabakalerak, bere zine-programazioaren barruan, Nosferatu zikloa abiaraziko du gaur, urtarrilaren 15ean, eta abendura bitartean garatuko da. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura-La Filmotecaren lankidetzarekin,

Aurten Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak titulupean dator ziklo ezaguna, diogun moduan, zinemaren historiara ikuspegi femenino eta feministatik hurbilduko dena. Hortaz, ziklo horrek “emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreen lana berrikusi, proiektatu eta aldarrikatu nahi du; haietako batzuk azken urteetan aitortuak eta erreibindikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak.”

Diogun bezala, gaurko saioan, Alice Guy aitzindari frantsesaren La Fée aux Choux (1896)lana izango da protagonista. Alice Guy frantziarra izan zen zinemak istorioak kontatzeko balio zezakeela konturatu zen lehen pertsonetako bat. 1896tik La Fée aux choux filmarekin (fikziozko lehen pelikulatzat hartzen dena), Gaumonten eta ondoren AEBn, Alice Guy aitzindaria izan zen, hogeiko hamarkadaren erdialdera arte jardunean egon zena.

Datozen hitzorduetako zinemagileak Mabel Normand, Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Leni Riefenstahl, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupino izango dira, eta gero, Agnès Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenen filmak etorriko dira. Azkenik, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion, Isabel Coixet eta Julia Ducournau zinemagileen lanak ere pantailaratuko dira.

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine, Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok koordinatua, urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Iratxe Fresnedak koordinatua, datorren urtearen amaieran plazaratuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button