BESTELAKOAK

Liburutegien etorkizuna izango dute hizpide gaur Tabakaleran

Hitzaldi honekin Tabakalerak eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak elkarlanean antolatutako Informazioaren kudeatzailea eta bitartekaria ikastaroari hasiera emango zaio ofizialki.

Liburutegien etorkizuna da Eppo van Nispen-ek eskainiko duen hitzaldiaren izenburua, eta goiburuak argi dioen bezala, informazioaren teknologiak, kudeaketa eta erabiltzaileen ohiturak etengabe aldatzen ari diren garaiotan, liburutegietan gertatutako eraldaketez eta hartu beharreko norabideaz jardungo du.

Eppo van Nispen-ek Tabakaleran eskainiko duen hitzaldia interesgarri eta argigarri izango da liburutegien munduan lan egiten duen ororentzat eta liburutegien etorkizunari buruzko hausnarketa premiazko jotzen dutenentzat. Modu atsegin, bizi eta dibertigarrian, etorkizunarekin lotutako erronkei aurre egiteko ideia eta proposamen berritzaile mordoa aurkeztuko ditu, betiere bere leloari eutsiz: "Infinituraino eta harago".

Badu nahikoa esperientzia alor horretan van Nispenek. Telebistaren industrian urte luzeetako ibilbide arrakastatsua burutu zuen (lehenengoetarikoa izan zen medio horretan baliabide interaktiboak txertatzen), baina informazioaren teknologia berriek komunikabideetan eta informazioaren kudeaketan iraultza ekarriko zutelako konbentzimendu osoarekin, bere esparrutik aldendu eta liburutegien munduan murgiltzea erabaki zuen. Herbeheretako Delft hirian, Amsterdametik gertu, DOK Library Concept Center proiektua jarri zuen abian 2006an. DOK-en helburua munduko liburutegi modernoena sortzea zen, eta gaur ere bide horretan dihardute lanean buru-belarri.

Tabakalerak bidalita

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button