
Elur gainean txori hanka arinak izeneko solasaldia egingo dute Iñigo Astiz idazle eta kazetariaren gidaritzapean, Gerard de Jong-ekin egingo dute berba Eider Rodriguez idazle eta irakasleak eta Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak. Saioa Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango da, arratseko 19:30ean hasita.
6.000 hiztun dituen bildts hizkuntzan argitaratzen den De Bildtse Post astekariko zuzendaria da Gerard de Jong kazetari eta idazlea. Euskal Herrian zortzi asteko egonaldia egitera gonbidatu du Donostia Kulturak, Beste Hitzak-Other Words egitasmoaren barruan, eta Eider Rodriguez eta Juan Luis Zabala euskal kazetari eta idazleekin jendeaurrean solasean aritzeko aukera izango du.
Hizkuntzaz eta literaturaz mintzatuko dira “hizkuntza txiki eta gutxituen ikuspegitik nagusiki”.Hizlariek ingelesa eta euskara erabiliko dute eta aldibereko itzulpen-zerbitzua egongo da: euskaratik gaztelaniara eta ingelesera, eta ingelesetik euskarara eta gaztelaniara.