LITERATURA

Shakespeareren sonetoak, “Zeru horren infernuak” saioan

Juan Garziak itzulitako William Shakespeareren sonetoak dira Zeru Horren Infernuak ikuskizunaren muina. Dama iluna, jaun gazte argia edo poeta maitalea izango dira protagonistak ordu eta erdiko ikuskizun honetan. Emanaldia martxoaren 29an izango da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan.

Shakespeareren 154 sonetoen hautaketa zabal bat proposatzen digu Joxan Goikoetxeak musikariak adaptazio honetan, musika, hitza eta dantzaren bidez. Amodioaren aldarteei buruzko 154 bariazio, argi eta itzal, parerik gabeko idazlearen eskutik.

Bertan, Olatz Prat, Estitxu Pinatxo, Pier Paul Berzaitz, Amaia Azkue eta Pettiren ahotsak entzun ahalko ditugu. Eta musika Roberto Yaben, Michel Longaron, Iosune Marin, Maider Zapirain, Txema Garces, Felipe Ugarte eta Juanjo Otxandorena musikarien eskutik entzun ahalko da. Dantzaren koreografia Montse Zabalza, Txori Garcia Uriz eta Ion Barbarin adituen ardura izango da.

“Shakespeareren lanen bertakotze-maila omen da kultura baten garapenaren neurrietariko bat. Sonetook lirikaren gailurrik bikainenetarikotzat jotzen dira, eta kultura gertakari handitzat hartzen dira obra hori beste hizkuntza batera ekartzeko saioak. Sortu berritan heldu zion Mikel Laboa Katedrak proiektu honi, testuarekin batera euskal kulturako bestelako arte hizkuntza batzuk ere hitzezko hizkuntzaren jai honetara gogatzeko ametsaren atzetik, eta edizio eder bat apailatuaz 2014 urtean”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button