BESTELAKOAK

Hainbat kultur jarduera Bilbon, Unamunoren egunean

Bilboko Udalak Unamunoren eguna ospatuko du gaur, Euskal Museoan eta Bidebarrietako liburutegian hainbat kultur jarduera antolatuz, eta jada ohikoa den zazpi kaleetako lore eskaintza eginez.

Urte honetan, Bilboko Udalak ekitaldi egitarau zabala abiatu du, 1864ko irailaren 29an jaio zen Miguel de Unamunoren 150. urteurrena ospatzeko. Gaurko eguneko egitaraua, eguerdiko 12:00etan Unamuno Plazan egingo den lore eskaintzarekin hasiko da. Ondoren, Euskal Museoan Miguel de Unamuno eta argazkiak izeneko erakusketa aurkeztuko da. Erakusketa horrek, euskal filosofoaren mundu ikonografikoaren parte handia jasoko du: familiako albumak eta argazkiak, bidaiak eta irteerak, argazki korrespondentzia, eta abar. Erakusketa astelehenean bertan zabaldu eta abenduaren 31ra arte bisitatu ahal izango da, hau da, Unamuno hil zen egunera arte.

Bidebarrieta Kulturgunean Unamuno, poeta unibertsala poesia emanaldia egongo da 19:30etatik aurrera. Bertan, Juan José Lanz literatur kritikariak, eta Carmen Bulzanek eta Jean Louis Davantek pentsalari bilbotarraren poetikari eta erbestean idatzi zituen poemei buruz hitz egingo dute. Ondoren, Poetalia elkarteak Unamunoren poema batzuk irakurriko ditu.

Bidebarrietako liburutegian ere ikusi ahal izango dira udal funtsetako lehen edizioen bilduma bat eta ondorengo beste batzuk, eta baita lan osoak eta antologiak, eta horiek urteetan zehar sortu duten lan kritikoaren aukeraketa ere.  Abenduaren 31ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa horrekin, Bidebarrietako liburutegiak Unamunoren lan poetikoa hobeto ezagutzen lagundu nahi du.

Autorearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko, urriaren 28an, José Antonio Ereñok, Francisco Blanco Prieto historiagile ospetsuak egindako Unamuno en la política local liburuaren aurkezpen ekitaldia gidatuko du.  Era berean, azaroaren 25ean, Javier Zamora Bonillak, Ortegaren Ikaskuntzen Zentroko zuzendariak, eta Patxi Lanceros filosofoak, Unamunok eta Ortega y Gassetek euren planteamendu filosofikoen inguruan izan zituzten desadostasun anitzak aztertuko dituzte Bidebarrietako liburutegian. Azkenik, abenduaren 19an, Juan Carlos Sánchez Gómezek zuzendutako Enclaves de Unamuno dokumentala pantailaratuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button