MUSIKA

Rafa Berriok Donostiako Garoa Kultur Laben joko du

Rafa Berrio musikari donostiarrak bere hiriko Garoa Kultur Lab lokalean joko du igandean, hilak 20, 12:30ean. Ricardo Aldarondo kazetariak, gainera, emanaldia gidatuko du.

Berrioren musikak tradizio estatubatuarretik (Cohen, Dylan…) eta europarretik (Brassens, Battiato…) edaten du. Izan ere, Frantziako musikarekin maiteminduta dago. Uztarketa horretatik abiatuta, Amor A Traicion eta Deriva taldeetan arituriko musikariak kantu liriko apartak sortzen ditu. Horretarako ezinbestekoa du poesia, alegia, letra poetikoak. Hitz horiek, gainera, iragana dute inspirazio, “oraina etsigarria da, etorkizuna ez da sekula iristen. Iragana toki ona da aterpea bilatzeko”, dio musikariak.

Donostiarrak orain arte bakarkako hiru lan argitaratu ditu: 1971 (2010, Warner Music); Diarios (2012, Warner Music) eta Paradoja (2015, Warner Music).

Lehenengo lan biak oso lan lirikoak dira, Joserra Senperenaren ekoizpen eta konponketekin jantziak. Hala, Jon Obeso idazleak hauxe idatzi zuen Diarios grabazioaren harira: “Bilis zuriaren eraginpean idatziriko egunkariak dira, nihilista sentikor baten gibelarekin. Rafael Berrioren ahotsean errealismo garbi eta gordina antzematen da; eta Joserra Senperenaren ekoizpena, berriz, zaindua da, agertoki bikaina simulazio ironiko hau antzezteko, zeina beti den norberaren izaera bizitzea”.

Aurten argitaratutako Paradoja, berriz, lan elektrikoa da, bere hasierako taldeek estali zuten Velvet Undergrounden itzala berreskuratuz. Grabazio horretan, besteak beste, Rafa Ruedak (gitarra), Joseba B Lenoir (gitarra) eta Felix Buffek (bateria) parte hartu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button