EZLEKUBAT

Iban Zalduaren “Inon ez, inoiz ez” liburu berria

Iban Zalduak Inon ez, inoiz ez ipuin liburu berria kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik.
Estilo, gai eta luzera desberdineko 38 ipuin bildu ditu guztira, hiru parte nagusi eta eranskin batean. Zalduak ohi duen maisutasuna, zorroztasuna, fikziorako asmamen izugarria eta zirti-zarta banatutako ironia-dosiak topatuko ditu irakurleak bertan. Ipuinen artean badira fantastikoak eta erralistak, metaliteratura lantzen dutenak, eguneroko bizitzaren ifrentzua erakusten dutenak eta azkenaldiko gure panorama politikoa erretratatzen dutenak. Zerbait gehiago jakin nahi izan dugunez, galdera hauek bota dizkiogu.

Oker ez bagaude Idazten ari dela idazten duen idazlea izan da zure azken lan ezta? Handik hona…. hau?

Nondik begiratzen zaion: “Ese idioma raro y poderoso” gaztelaniazko nire saiakera hortxe parean argitaratu zen; esango nuke “Idazten ari dela idazten duen idazlea liburuaren ondoren aurkeztu nuela, beraz, azkenaurrekoaren titulua horri dagokio, agian. “Inon ez, inoiz ez” osatzen duten ipuinak, edonola ere, ez dira soilik idatzi orduz geroztik: batzuk lehenago idatzi ziren, baina ez zuten lekurik kontu metaliterarioetara horren lerratutako liburu batean. Neurri handi batean, azken zortzi urtetako lanaren emaitza da “Inon ez, inoiz ez”.

Estilo bereko ipuinak, laburrak, intentsuak,….

Ez dakit estilo bera duten ala ez. Tamaina aldetik denetik dago behintzat: luzeak, ertainak, labur-laburrak. Gaien ikuspegitik anitzagoa da nire aurreko bi liburuak baino, “Biodiskografiak” eta aipatu “Idazten ari dela idazten duen idazlea”. Intentsuak ote diren… hori ez dut nik ebatziko, irakurleak baizik.  

Zer nolako istorioak aletu dituzu?

Esan bezala, aniztasunera jo dut oraingoan: ipuin bildumatik du gehiago, ipuin liburutik baino. Batasun gehiago duen atal bakarra, agian, euskal gatazka delakoaren inguruan ardaztutakoa da: bertan 2006tik honako kontu politiko batzuk aztertzen ditut, fikzioaren bitartez beti ere. 

 

Gai baten inguruan ardaztu dituzu honakoak, edota uste duzu ipuingintzak sekulako askatasuna ematen dizula?

Ipuingintzak ez du erabateko askatasunik ematen, arauak dituen genero bat da. Beste genero guztiek bezala, alegia, nahiz eta arau horiek, zer esanik ez, desberdinak izan: nobelagintza arau aski ezberdinekin aritzen da esaterako. Baina arau nagusia, Augusto Monterrosok esaten zuen bezala, ipuin onak idazten saiatzea da, noski. Eta txarrak, ahal dela, zakarrontzira botatzea. Edo luzatzea eta nobela bihurtzea, ez dena horren irtenbide bikaina, baina funtziona dezakeena, batzuetan…

Komikigintzan ere aritu zara. Jorratu beharreko diziplina da zuretzat?

Artean, zorionez, ez dago beharrik, edo nik behintzat ez dut horrela, premia bezala, sentitzen. Ni komikizalea naiz, eta alde horretatik ez nau gehiegi harritzen gidoi pare bat idazten amaitzeak. Baina aukera sortu zelako egin nuen, neurri batean, Dani Fanok akuilatuta, eta Julen Ribasek ederki jakin zuelako marrazkietan islatzen nire gidoigintza ahalegin dorpeak. Haiek gabe ez nintzatekeen “komikilari” bihurtuko, eta alde horretatik oso eskertuta nago haiekin. Komikizale izatea eta gidoi bat idaztea ez delako gauza bera: ni nahikoa burugabe izan nintzen ausartzeko, eta ez zen gaizki atera. Baina gaizki atera izan ez bazen, Julen eta Daniri esker izan zen, batez ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button