
Angeluko festak alaitzen dituzten animazioen artean, lehen igandeko ohiko desfilea egun horietako momentu nagusi bat da, baina zenbait urtez geroztik, desfileak lehenago zuen distira galdu du.
Berriz bere indarra hartzeko xedez, Manex Goyhenetche Kultur Etxea elkarteak lehen aldiz buruhandi eta ziganteak sortzeko lehiaketa-desfile bat antolatuko du.
Martxoaren 3an izango da, festetako lehen igandea, hain zuzen, eta ekintza honi Buruziganteak izena ematea erabaki dute. Desfileentzat sortutako buruhandiak eta ziganteak gizakiaren tradizio hedatuenetako bat da eta Euskal Herrian, ohitura hau mantendu eta hedatu da Iparraldean nahiz Hegoaldean.
Hortaz, lehiaketa honek bakoitzaren sormena eta asmamena sustatzeko asmoa du, eta horrexegatik, denei irekia izango da. Elkarteak, parte-hartzaileen esku utziko du ziganteak eta buruhandiak egiteko behar den materialaren parte bat. Materialaren eskaera otsailaren 16a baino lehen egin behar da.
Desfilea Haitz Peanetik abiatuko da eta Herriko Etxeko plazan amaituko.
Lehiaketan parte hartzeko, www.mgke.org elkartearen webgunean izena eman behar da martxoaren 2a baino lehen. Bertan ere xehetasun guztiak begiratu ahal dituzue.