
Bihar bertan abiatuko da Aretxabaletako Arkupen Huhezinema jaialdiaren 17. edizioa, eta 26ra bitartean luzatuko da. Bertan, filmez gain, tailerrak, masterclassak, performanceak, kontzertuak eta abar topatuko dituzue.
Euskal Film Laburren jaialdian 21 film labur eta 10 bideoklipen proiekzioak antolatu dira. Bestalde, Mattin Aierbe, Ogeita4 enpresako ordezkariaren masterclassa ikus-entzunezko fakultateko platoan egingo da. Herriko plazan, berriz, poteoa, Jasan Taldearen kontzertua, lunch eta DJ Rosamari.
Ekintza guztiak doakoak eta irekiak izango dira, eta jaialdian zehar, bidelagun izango dira Albina Stardust, Kepa Errasti, Ane Urresti eta Iker Mateo aurkezle lanetan.
Jaialdiaren antolatzaileak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzia Fakultateko (HUHEZI) 4. mailako ikus-entzunezko ikasleak dira. Guztira 20 ikaslek antolatu dute, Iban del Campo (jaialdiaren koordinatzailea) eta Idoia Astigarragaren (moduloko koordinatzailea) laguntzarekin.
Egun horietarako behar dituzuen jakingarri guztiak Huhezinemak dauzka.



