
Txalap.Art konpainiak Hostoak obra taularatuko du gaur Gasteizko Principal Antzokian. Oreka Tx-eko kideek eratu zuten Txalap.Art 2004 urtean, eta gaur aurkeztuko duten obran hainbat diziplinetako artista bildu dituzte. Emanaldia 20:30ean hasiko da eta Dantza Garaikidearen VII. Zirkuitua egitarauaren baitan dago.
Hostoak obrak kantua, musika eta dantza uztartzen ditu. Arteen arteko solasaldia da: hainbat diziplinatako erreferentziazko artistek bat egingo dute; tradiziozko kulturaren tradiziotik abiatu, eta egungo planteamenduetara, garaikideetara, iritsi arte.
Txalap.art ekoiztetxea Oreka Tx-eko kideek (Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Igor Otxoak) eratu zuten 2004an eta garai hartan bi helburu zituzten: Nömadak Tx proiekturako aurreikusitako errealizazioak ekoiztea eta Oreka Tx edo Txalaparta taldearen ikuskizunak eta kontzertuak sustatzea. Txalap.art-ek gauzatu dituen lanak kalitateari izugarrizko garrantzia eman diote, berriz, ez horrenbeste kantitateari.