BESTELAKOAK

“Hi(ZKI)bridoak” programarako laguntzak badu sariduna

Biboko Euskararen Etxeak Hi(ZKI)bridoak laguntza abiatu du lehen aldiz. Bada, lehenengo deialdi horretan Eider Perez Martinezek eta Ane Garcia Lopezek aurkeztutako Erreferenteak behar ditugu, biba erreferenteak! izenburupeko egitasmoa saritu du Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak osaturiko epaimahaiak.

Proiektuak “euskal (emakume) erreferenteen urritasunaren ideia mito bat dela” adierazi nahi du, “ahanzturak pisu handia duela”. “Era berean, aldarrikatuko dugu euskal kulturaren barnean elkarren erreferente ere izan gaitezkeela eta hutsuneak kanpora begira gaudenean sortzen direla. Ahaztu gabe kanpoko erreferenteak lagungarriak direla”.

Ikusgarrian hainbat diziplina eta adierazpide uztartuko dituzte, hala nola, spoke word, poesia eta musika. Sortzaileek adierazi duten bezala, “emanaldi honetan, euskaraz sobera baliatu ez den formatu bat izango da ardatza: ingelesez spoken word eta euskaraz hitz esana dei litekeen hori. Errezitatzeko modu horrek berak jada batzen ditu diziplina desberdinak, poesia errezitatzeko era hori antzerkitik edo performancetik gertu baitago, irakurketa dramatikotik gertu. Horrez gain, hainbat poemaren irakurketa zuzeneko musikaz lagunduta egongo dira”.

Hautatutako lan horrek 3.000 €ko ordainsaria jasoko du, eta lehenengo emanaldia 2022ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskainiko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button