ARTEA

Kaleetako tribu urbanoak

Miguel Trillo argazkilariak Tribu urbanoak izeneko argazki erakusketa paratu du Elgoibarreko Kultur Etxeko erakusketa gelan, urriaren 6ra arte.

Miguel Trillo argazkilaria (Jimena de la Frontera, 1953) 70eko hamarkadatik dabil gazteen kulturak erretratatzen, lehenik Espainian diktadura amaitu ondoren, eta gero mundu osoan zehar. 80ko hamarkadaren hasierako Madrilgo Movidaren irakite artistiko eta bizia jaso zuen, kaletik bertatik, bizitoki zuen hirian. Gazte belaunaldi hark musikarekin lotutako estetiken bidez adierazten zituen bere zaletasunak: rockerrak, modak, heaviak, teknoak, gotikoak… Eta, era berean, 80ko hamarkadaren bigarren erdian, hip hoparen eztandarekin eta raparen hasierarekin. 90eko hamarkadan Bartzelonara joan zen Trillo bizitzera eta han beste estetika batzuk arakatzen jarraitu zuen kamerarekin: bakalak, grungeak, hipsterrak…

Mende aldaketarekin batera, Europa, Amerika eta Asiako hiriburuetara eramango duen jauzia emango zuen, hizkuntza, arraza edo erlijio ezberdintasunak gorabehera elementu komunak dituen gazteri internazional baten bila. Geroago Afrika sartu zuen bere ibilbidean, eta Casablanca eta Rabat bezalako hirietan zentratu zen udaberri arabiarraren garaian, edo Johannesburgon ere. Pandemiaren ostean, falta zitzaion kontinentea bisitatu du, Ozeania, eta Sydneyko laginak ekarri ditu.

Elgoibarreko erakusketa horrek badu berezitasun bat: udazken honetan Miguel Trillok 70 urte bete ditu, eta ospakizun gisa hainbat hiri-triburen aukeraketa zaindua egin du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button