
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia amaitu da, eta bere Sari Nagusia Henna Taylor zuzendari estatubatuarrak jaso du An Accidental Life lanagatik. Lan horrek Quinn Brett eskalatzailearen istorioa kontatzen du. “Quinn Brett-ek eskalada istripu larria jasan zuen El Capitanen, Yosemiten, 2017ko urriaren 11n. Gertatutakoaren berri konta dezake, mirariz eutsi baitzion bizirik, baina gerriz behera elbarri geratu zen eta horri aurre egiten ikasi behar izan du geroztik”.
Sail Ofizialean aurkeztu diren 56 pelikuletatik, 13k jaso dute garaikurren bat, eta haien artean banatu dira 25.200 euro diru-saritan.
Aipatzekoa ere bada Euskarazko Film Onenari emandako saria: Agur Artzai.
“Joan badoan denbora eta desagertzen ari den horren aztarna modu poetikoan, sotilean eta minimalistan islatzeko gaitasun paregabea erakutsi du zuzendariak. (…) Azkenetan den bizimodu bat erretratu nahian, Julen, Gorbeian geratzen diren azken artzainetako batengana hurbilduko da, Joserengana. Elkarrekin konpartituko duten denboran iraganerako ateak irekita geratuko dira atzean utzitakoari erreparatzeko.”
Julen Zubietek eginiko lan ederra da hori, tempo lasaian grabaturikoa, mezu sakonak banatzen dituena, eta artzainaren figura nabarmentzen duena. Ikusi ez baduzue, mesedez, ez galdu aukera.
Bestelako sariak zeintzuk izan diren jakiteko: Mendi Film.