
Bigarren fasea amaituta, Nafarroako taldekako txapelketa erabakita gelditu da martxoaren 31n Leitzako pilotalekuan egingo den finalerako. Asteburu honetan Bardoak 2012ko bigarren faseko azken hiru saioak egin dira Leitza, Igantzi eta Barañainen, eta Lesakako Rimak Exkaxkok, Oronoz-Malerrekako Erauntsik eta Etxarri Aranazko Bilixkorrikok sailkatzea lortu dute, hortaz hiru talde horiek finalean dira.
Larunbatean bi saio izan ziren, Leitzan eta Igantzin. Leitzako Aurrera elkartean 60 bertsozaleren aurrean Leitzaundi eta Erauntsi taldeen arteko bueltako saioa izan zen. Erauntsi taldea pasako da finalera azkenik.
Igantziko Biltoki elkartean giro paregabea izan zen Lesakako Rimak Exkaxko eta Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoak taldeen saiorako. Rimak Exkaxko taldeak eraman zuen saioa eta, bigarren puntua lortuta, Leitzako finalerako zuzeneko sailkapena lortu.
Bigarren faseko azken saioa Barañainen jokatu zen, igandean. Aurrez aurre, Berañaingo Beteranoak eta Etxarriko Bilixkorriko taldeak. Azkenean sakandarrek irabazi zuten saioa.
Datozen ekitaldien inguruko xehetasun guztiak txapelketaren webgunean daude.