BESTELAKOAK

“Hiri Osasungarria” izenburupean, Open House Bilbao jaialdia asteburu honetan

Open House Bilbao jaialdiak bosgarren edizioa egingo du asteburu honetan, urriaren 16an eta 17an, Hiri osasungarria izenburupean. Aurten ere, Bilbok bat egin du Open House Worldwide Nazioarteko Sarea osatzen duten 45 hirien arteko ekintza bateratuarekin.

Aurtengo edizioaren gaia, Hiri osasungarria izango da, eta bizi izandako pandemiaren errealitate berri horrekin lotuta dago. “Pandemiak agerian utzi du gure kaleak eta auzoak berriro pentsatzeko beharra, harremanetarako hurbileko berdeguneak sortzearen garrantzia, espazio inklusiboak, kulturarako, mugikortasun jasangarrirako, hurbileko merkataritzarako…”

Horren ondorioz, jaialdiak hiriek osasuna eta ongizatea hobetzeko motor gisa duten erronka handiari buruzko gogoeta egingo du, izan ere, “hiriek eredu integratzaileago, seguruago eta iraunkorragoetarantz egin dute, jendea diseinuaren erdigunean jarriz, bizimodu osasungarriak sustatuz eta jarduera fisikoa eta joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea sustatuz”.

Aurten espazio berriak hautatu eta bisitatuko dira, hainbat alderdi aztertzeko aukera emango dutenak, hala nola, azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, erabilera sozialak eta mugikortasun osasungarria. Hortaz, Open House Bilbaoren bosgarren edizioan, 49 gunetako ateak irekiko dira hiri osoan.

Azken finean, ekimenaren helburua “pentsamendu kritikoa sustatzea da, eremu publikoa nola erabiltzen dugun, hor nola mugitzen eta erlazionatzen garen, hiriari, haren espazioei, plazei, kaleei eta abarri buruzko ezagutza, kontzientzia eta gogoeta kolektiboaren prozesua bultzatzeko”.

Informazio gehiago: www.openhousebilbao.com

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button