IKUS-ENTZUN

Tabakalerak datorren urteko zine-programa prest du

Tabakalerak datorren urtarrilean hasiko den zine-denboraldi berria prest du. Hain zuzen ere, urtarrilaren 5ean hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, oraingo honetan Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrenari (1953-2022) eskainia. Jacques Becker-en Casque d’Or (1952) filmak emango dio hasiera zikloari.

Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatu dute Nosferatu “Zinemaldia 70” zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura-Valentziako Generalitateko Filmategiaren laguntzarekin eta 2022ko urtarrila eta abendua bitartean gertatuko da. Hamabi hilabete horietan 40 film eskainiko dira. Lehen hiruhileko horretan, besteak beste, honako hauen filmak ikusi ahal izango dira: Douglas Sirk, Jean Cocteau, Howard Hawks, Volker Schlöndorff, Margarethe von Trotta, Ingmar Bergman edo Josefina Molina.

Donostia Zinemaldiak hilero proposamen bat programatuko du Zinemaldia + Plus zikloaren bidez. Lehen saioa Jose Perez Ocaña artista andaluziarrari buruzko Ocaña, retrat intermitent (1978), Ventura Ponsek zuzendutako filma izango da. Martxoan Cea mai fericitã fatã din lume / The Happiest Girl in the World Radu Juderen estreinako film luzea proiektatuko da.

Beste aldetik, 2022ko urtarriletik martxora bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizioa izango da.

Tabakalerako zine-programazioaren 2022ko zikloek zine garaikidearen bi izen handi izango ditu protagonista: Christian Petzold zinegile alemaniarra eta Claire Simon zuzendaria.

Gainera, apiriletik uztailera Claire Simon zuzendariaren atzera begirako osoaz gozatu ahal izango da zine-aretoan eta Masterclassa eskaintzeko Tabakalerara etorriko da maiatzak 28an. Zuzendariak Vous ne désirez que moi bere azken film luzea aurkeztu zuen Donostia Zinemaldiaren azken edizioan eta, abiapuntu hori aprobetxatuz, Tabakalerak bere film guztiak proiektatuko ditu.

Urteko azken hiruhilekoan, programazioak zinearen eta artearen arteko lotura estutuko du, eta udan Tabakalerako erakusketa-areto nagusian irekiko den arte garaikideko erakusketan parte hartuko duten zinegileei eskainiko dizkie proiekzioak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button