BESTELAKOAK

Hiri osasungarria

Hiri Osasungarria izenburupean, Open House Bilbao jaialdiak bosgarren edizioa egingo du urriaren 16an eta 17an. Aurten ere, Bilbo hiriak bat egin du Open House Worldwide Nazioarteko Sarea osatzen duten 45 hiri baino gehiagoren baterako ekintzarekin, arkitekturaren eta hirigintzaren arloan bikaintasuna zabaltzeko eta defendatzeko.

Aurtengo edizioak publiko zabal eta askotarikoarengana iristeko asmoa erakutsi du horretarako diseinaturiko jarduera-programa baten bidez. Bertan, hausnarketa bat planteatuko da “hiriek osasuna eta ongizatea hobetzeko duten erronka handiari buruz. Izan ere, hiriak eredu inklusiboagoetara, seguruagoetara eta jasangarriagoetara ari dira eboluzionatzen, pertsonak diseinuaren erdigunean daudela, bizimodu osasungarriak erraztuz eta jarduera fisikoa egitea eta oinez edo bizikletaz joatea sustatuz”.

Open House Bilbao jaialdiaren antolatzaileek adierazi duten bezala “aurreko edizioan hiriko espazio publikoetara egindako bisitak sartu ziren programan, eta bisitariek harrera ona izan ondoren, aurten gune berriak hautatu eta bisitatuko dira, hainbat alderdi aztertzeko aukera emango dutenak, hala nola azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, erabilera sozialak eta mugikortasun osasungarria. Halaber, balioetsiko dira diseinuan eta eraikuntzan kontzientzia ekologikoa erakusten duten obrak eta proiektuak, autosufizientzia energetikoa eta material jasangarriak bezalako gaiak txertatuz”.

Horretarako kultur programa zabala diseinatuko da eta “espazio eta obra arkitektonikoen hautapen landua eta jarduera arkitektoniko-kultural espezializatuen sustapena azpimarratuko dira”, publiko zabal eta askotarikoari zuzenduta. Aurten, gainera, Autore bisitak formatua gehituko zaio programari, eta proiektu eta espazioen diseinatzaileekin bisitak egiteko aukera emango du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.