IKUS-ENTZUN

Azkeneko gizakia lurraren gainean

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak eta Fnac Donostiak Joan Alvado-ren Azkeneko gizakia lurraren gainean erakusketa abiatu dute. Giza Eskubideen 17. Zinemaldiaren programazioaren baitan antolatu da, eta maiatzaren 19ra bitartean bisitatu ahal izango da.

Espainiako barnealde menditsuan kokatua, Mendi Zeltiberiarra deitutakoan, Europako bigarren eremu hustuena da, iparraldeko Laponia eta gero. Bertako zifra demografikoak izutzeko modukoak dira: 65.835 km2-ko hedadura eta 7,34 biz/km2-ra iristen ez den populazio-dentsitatea.

Antolatzaileen hitzetan, “Azkeneko gizakia lurraren gainean saiakera fotografiko bat da, hipotesi pertsonal batean oinarritua, zeinaren arabera despopulazioaren fenomenoa ez den itzulgarria, kontuan hartzen badugu epe ertainera ez dela nekazaritza ez den beste eragile ekonomikorik existituko erasandako landa-eremuetarako. Hortaz, antzeman dezakegun etorkizun horretan, Lurraren gaineko gero eta azalera handiagoa egongo da, osorik edo partzialki, gizakirik gabe. Eta joera horrek sortuko dituen eszenarioetan, eremu horietako bizitza ez da izango orain ezagutzen duguna bezalakoa. Hausnarketa ireki bat planteatzea du asmoak, eremu horien etorkizuna zein izango ote den eta zein den gure erantzukizuna horren aurrean”.
Joan Alvado (Altea, 1979) argazkilariak epe luzeko proiektu dokumentaletan oinarritzen du bere lana. Argazkilaritzako ekitaldi eta festibaletan egon da ikusgai bere obra: Espainian, Estatu Batuetan, Kuban, Turkian, Frantzian, Errumanian, Eslovenian, Georgian, Portugalen eta Italian.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak antolatu dituen beste erakusketen gaineko informazioa hemen topa dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button