
Iruñean, Piztuta! Euskal Kultur Begirada izeneko programa garatuko da Jus la Rocha eta Sanduzelaiko Civivox zentroetan. Bertan, tailer, kontzertu, musika eta dantza jarduera ezberdinak antolatu dira.
Hutsun Txalaparta Taldeak, maiatzaren 6, 13 eta 15ean, txalapartako hastapena ikastaroa antolatu du instrumentua jotzen ikasteko lehen saioa gisa, eta, poliki poliki, oinarrizko nozioak ikasteko.
Maiatzaren 9an, antzerkia eta musika izango da protagonista Jokai taldeari esker. Bertan bi begirada nahastuko dira, bi istorio eta leku bera: Ibardingo muga. Lehenengo begirada Maria artzainarena da; borda batean bizi da, Ibardin gainean. Bere kontakizunek gertakari politikoei dagokien ez urte nahasiak islatzen dituzten bizipenak kontatzen dituzte: Gerra Zibila, gerraostea, II. Mundu Gerra. Bigarren begirada Kontxi alabarena da, zeinak borda benta bihurtuko duen. Bere bizipenek gaur egun mugan gertatzen diren arazoak jorratzen dituzte: migrazioa eta mugaren inguruan bizi diren biztanleen egunerokotasunari eragiten dioten erabaki politikoak.
Lari Produkzioak taldeak, Zaintzaren Dantza izeneko ikusgarria egingo du maiatzaren 11n. lanaren korapiloa hauxe duzue: Meri ama izan berri da. Bederatzi hilabetez haur bat eduki du barruan, eta haren babesle eta zaindaria izan da. Era berean, kezka eta zalantza askoren iturri bihurtu da txikitxoa. Neska edo mutila izanen ote da? Nola heziko dut? Zer izanen ote da koskortzen denean? Zoriontsua izanen ote da? Gauza izanen ote naiz gauza guztiez arduratzeko? Lanak zaintzaren hainbat arlo ditu langai: emakumea, erantzunkidetasuna, autozaintza eta ingurumena zaintzea. Hori guztia, gizarte eredu inklusiboa aldarrikatuta.
Maiatzaren 16an, Kepa Junkera Berpiztu-Renacer (Fermín Aio. 2022) filma ikusteko aukera egongo da. Kepa Junkera eszenatokietatik desagertu zen 2018an, iktus baten eraginez. Haren trikitixa mututu eta, antza, euskal kulturaren enbaxadoreetako bat arlo publikotik desagertu zen. Lau urtez errehabilitazioan aritu eta gero, Fermín Aiok zuzendutako film dokumental honek Kepa berriro topatzeko aukera emango digu. Keparen 120 kantu baino gehiago dira ardatz barne bidaia honetan. “Filmak irri eta negar eginaraziko dizu eta, oroz gain, hunkiaraziko zaitu”.
Jakingarri guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.



