MUSIKA

Highlights taldeak rock gogorra haizatuko du Elgoibarren

Highlights banda bizkaitarrak Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan izango da larunbatean, 23:00etan, Sinuöse elkartearen eskutik. Arrigorriagako taldea erreferentzia nagusienetako bat da Euskal Herriko hard-rock eszenan.

Highlights laukotea Arrigorriagan eratu zen 2009an. Rock gogorreko talde handien moldaketak egiten hasi baziren ere (KISS, Guns & Roses..), laster ezagutu zituzten kultuzko banda gehiago, tartean, UFO. Hala, doinu propioak idazten hasi ziren.

Urte horretan, Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketako bigarren postua eskuratu zuten, bai eta Euskal Herriko talde onenaren saria jaso ere. 2014an, halaber, Tokiko Talde Onenaren saria jaso zuten Rockein! Lehiaketan.

Era berean, haien gustukoak ziren atzerriko taldeekin jotzen hasi ziren, Michael Monroe eta Airbourne, besteak beste. Horrekin batera, jaialdi handietan jotzen hasi ziren, ikusleak aho bete hortz utziz, tartean, Azkena Rock Festival. 2015ean haien azken EPa argitaratu zuten.

Taldea hauexek osatzen dute: Mario Coira (ahotsa eta gitarra), Sisha Pangma eta Positivan aritutako Miguel Moral (ahotsa eta baxua), Xabier Valero (koruak eta gitarra) eta Sergio Garcia (bateria).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button