IKUS-ENTZUN

Sobietar zineari buruzko zikloa, Azpeitiko gaztetxean

Iraultza Sobietarraren mendeurrenaren harira, Azpeitiko gaztetxeak Sobietar Zine Zikloa ondu du. Egitaraua hilaren 19an hasi zen Andrei Tarkovsky-k zuzendutako Stalker filmaren emanaldiarekin.

Datorren hilean, halaber, beste hiru film pantailaratuko dira zikloaren baitan: azaroaren 2n, Ashik Kerib (Sergei Parajanov); 9an, Octubre (Sergei M. Eisenstein); eta, azkenik, 16an, Ivan El Terrible 1 eta 2 (Sergei M. Eisenstein).

Ashik-Kerib filma 1988an filmatu zuen Sergei Parajanov zinegileak. Ashik alderrai ibiliko den juglare bihurtuko da, bere maitearen aitak ezkontza debekatu ostean. Musikari bati buruzko Azerbaijango ipuin zahar batean oinarritzen da filma.

Bestalde, 1917ko Sobietar Iraultzaren inguruan emandako gertaerak kontatzen ditu Octubre filmak, parte hartu zuten sektore ezberdinei protagonismoa emanez eta egun historiko haiek edertasun epikoz hornituz: Tsar-en botere kentzea, borroka guneetako adiskidetasuna, Leninen agerpena, uztaileko manifestaldi publikoaren sarraskia, urriko gertaera nagusiak, hots, Jauregiaren konkista, Soviet-en II. Kongresua, sobietar boterearen aldarrikapena….

Eisenstein zuzendaria giltzarria da zinearen historian; tartean, Azpeitiko gaztetxean emango duten Ivan el terrible ere, zeinak Errusiako tsar Ivan IV.-aren historia jasotzen duen. Film horren bi zatiak emango dituzte; Eisenstein hil egin zen hirugarren zatia amaitu baino lehen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button