
Euskaraz abesten duen garage-rock talde bakarra da Gora Gora Kids (GGK), eta, oraintsu, lau kantuko binilozko EP berria plazaratu du: Jaiki eta Shake! (Blue Car Records). Diskoa igandean aurkeztuko du laukoteak Bilboko Satelite T tabernan, 13:30ean, Fuzz in the City jaialdiaren baitan.
Nontzeberriko kide Julen Azpitartek ondokoa idatzi zuen Berria egunkarian lan berri horren harira: “gure musikan garage-rocka ez da batere sustraitu, 60ko urteetako Enarak taldearen EP bakarra (garagea baino, psikodelia da) eta Gora Gora Kids laukotea salbu, izan ere, kobazuloetako soinu horien euskal ordezkari garaikide bakarrak dira Gora Gora Kids. Gainera, “in exotic basque language” abesten dute. Bada, argitaratu berri duten Jaiki & Shake! EPan, berriro ere, lau doinu lotsagabe, hedonista eta handinahikeriarik gabekoak jaso dituzte, inongo birtuosismorik gabe, eta gutxieneko grabazio-teknikak baliatuz. Tira, sofistikazio puntu bat bai erantsi diotela taldeari eta diskoari: gitarretako bat galdu, eta Elisa batu zaie, teklatu eta marakekin”.
Diskoan jasotako lau doinuetan ondoko osagaiak nabarmentzen dira: teklatu psikodelikoak, Ramonesen surfzaletasuna, theremin hotsak, Munster Family telesailaren estetika eta hitz onomatopeikoak: “HA, HA, HA, HA, HA, HA, HA”…