ARTEA

Mattaren margolan surrealistak Bilbon ikusgai

Matta (Santiago, Txile, 1911–Tarquinia, Italia, 2002) XX. mendeko arteak eman duen figurarik esanguratsuenetakoa da, talde surrealistako kide nabarmena izan zelako eta eragin izugarria izan zuelako espresionismo abstraktu amerikarraren garapenean.

Artistaren jaiotzaren mendeurrenaren ekitaldien barruan antolatu du Bilboko Arte Eder Museoak Matta 1911-2011 izeneko erakusketa, Valentziako (Herrialde Katalanak) IVAMekin lankidetzan. Erakusketa abuztuaren 21era bitartean dago ikusgai eta 30 obra inguru biltzen ditu.

Artista ameslaria izan zen, eta aitzindaria artearen, zientziaren eta naturaren arteko harremanak aurreikusteko orduan; gainera, arteak gizakiaren garapenean izan behar duen rol garrantzitsua defendatu zuen. Azken artista surrealistatzat jo dute Matta. Izan ere, artista frantses surrealisten eta espresionismo abstraktua jorratu zuten estatubatuarren arteko zubi izan zen.

Erakusketan bere obraren ikuspegi zabala eman nahi da, bere ibilbideak izan dituen mugarririk esanguratsuenak aztertuz. Horretarako, formatu handiko 32 margo bilduko dira, denak ere 1939 eta 1999. urteen artean datatutakoak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button