BESTELAKOAK

Munduko musikak, Sustraiez Blai jaialdian

Munduko musiken inguruko Sustraiez Blai jaialdiaren edizio berri bat egingo da larunbatean, hilak 9, Ordizian. Bertan musikari andana ikusi eta entzun ahalko da, 19:00etatik aurrera, eta doan.

Mercedes Peón (Galizia); Yacine & The Oriental Groove (Bartzelona), eta Korrontzi (Euskal Herria) izango dira egitarauko izen nagusiak, eta merkatuko plazan arituko dira, 21:00etan.

Korrontzik asteon argitaratutako tradition 2.1 diskoa aurkeztuko du; grabazioan, mundukoa makina bat kulturetako musikak uztartu dituzte trikiaren soinuarekin; horretarako, atzerriko hainbat musikariren laguntza izan dute.

Mercedes Peón galiziarrari dagokionez, Galizako sustraidun musika jorratzen du, baina testuinguru moderno baten baitan, loop eta sampler-ak erabiliz.

Bartzelonako Yacine & The Oriental Groove bandak, halaber, hainbat musika jorratzen ditu, betiere, modu bizi eta dantzagarrian: “Elektronikoa eta aljeriar folka, mendebaldeko popa eta Greziako melodiak”. Hiru emanaldi horien ostean, Javi P3z DJ. Set proiektua izango da Sugaar tabernan. Hor ere izango da hezurdura astintzeko parada.

Azkenik, Kubako musikariek eta euskaldunek osatutako La Jodedera bandak kalejira egingo du 19:00etan. Taldeak disko bakarra du kalean: Karibe Kantauri Kantari (2013, Gaztelupeko Hotsak).

Informazio guztia: www.sustraiezblai.org

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button