
Gaur, eguerdiko 12:00etan, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan Txina da erakusketa aurkeztu dute Josu Rekalde UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak Natxo Rodriguez UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko dekanordeak, Arantza Lauzirika erakusketaren eta beken programaren koordinatzaileak eta eurekin batera egon diren Juan Pablo Orduñez Mawatres, Unai Requejo, Laurita Siles, Leire Urbeltz eta Cristian Villavicencio artistek.
Txina da erakusketak Arte Ederretako hainbat ikaslek Pekinen egotaldi ezberdinetan egindako lanak biltzen ditu, eta lau egunez baino ezin izango da ikusi, izan ere, Bizkaia Aretoko Etxepare eta Axular geletan egongo da ikusgai, asteartetik (hilak 9) ostegunera (hilak 11) bitartean, 08:00etatik 20:00ak arte.
UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko hirugarren zikloko zortzi ikaslek Pekingo MA Studioan egonaldia egiteko beka jaso zuten eta han emandako egunetan sortu ziren lanak erakutsiko dituzte.
Ikasle bakoitza hara joan zen doktorego tesian sakontzeko xedearekin, eta batzuetan helburua lortu bada ere, beste kasu askotan, bertan garatu dira espero ez ziren proiektuak, beste artistekin lotutako harremanetatik eta eraginetatik lan egiteko ildo berriak agertu baitira.
Diziplina anitzekoa da erakusketa, bertan formatu eta material askotako lanak ikusiko baitira, gehi bideogintzan edota musikagintzan garatutakoak ere, baina guztietan hiria oro har da gakoa, hiri eferbeszente bat non estimulu anitz bil daitezkeen, eta eragin izugarria izan duen artistongan.