ARTEA

Hauskortasuna existentziaren berezko egoeratzat hartuta

Tabakalerak urte honetako lehen erakusketa inauguratu du: Santiago F Mosteyrín artistaren Eremu magnetiko lehor bat,  Garazi Pascualek eta Iván Gómezek komisariatua. Martxoaren 30era arte egongo da ikusgai Tabakalerako 2 erakusketa-aretoan. Tabakaleraren komisariotza-egonaldiak egiteko deialditik sortutako erakusketa da hau.

Erakusketak “hauskortasuna aztertzen du ikuspegi sentsorial, tekniko eta tematikoetatik, eta ikusgaiaren eta inplizituaren arteko harremanei buruz gogoeta egitera gonbidatzen du publikoa. Irudi anbiguo eta teknika sotilen bidez, F Mosteyrínek pertzepzioaren mugei aurre egiten dieten paisaia distortsionatuak sortzen ditu. Eremu magnetiko lehor bat-ean gaian nahiz teknikan aditzera ematen da hauskortasuna. Materialen urratuek eta higadurek forma zaurituez eta gorputz zatitu, erresistente eta sentsualez jositako geografia batean murgiltzera gonbidatzen gaituzte”.

Babesaren eta zaurgarritasunaren arteko paradoxa jorratu nahi du artistak eta horretarako eremu magnetikoez baliatzen da. “Hauskortasuna existentziaren berezko egoeratzat hartzera gonbidatzen ditu bisitariak”.

Santiago F Mosteyrín (Madril, 1982) artista eta biologo gisa trebatu da hainbat unibertsitate eta testuingurutan. Bere obra, besteak beste, leku hauetan erakutsi da: Bulegoa z/b, Fresh Gallery, Stedelijk Museum Bureau Amsterdam (SMBA), La Casa Encendida eta Mallorcako Fundació Pilar i Joan Mirón. Beste erakunde batzuetan artista egoiliarra izan da. Irakasle gonbidatua izan da Artistic Research masterrean, Universiteit Van Amsterdamen, eta Dantza graduan, Codarts eskolan (Rotterdam).

Betiko legez, erakusketaren inguruan hainbat jarduera osagarri antolatu dira, tartean bisita gidatuak eta arte garaikidera hurbiltzeko ikastaro bat.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button