BESTELAKOAK

“Hari izpia hartzen” jardunaldietarako hitzorduak

Hari izpia hartzen jardunaldiek euskal kulturaren erronkak Nafarroan aztertu nahi ditu. Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak bultzatzen dute, eta diogun bezala, euskal kulturaren erronkei buruzko gogoeta sustatu nahi da.

2020ko urtarrilean antolatu zen lehen aldiz Hari izpia hartzen izeneko jardunaldia Iruñean. Jaso zuen harrera ederra ikusita, ekimenari segida ematea erabaki dute antolatzaileek, eta horren ondorioz, 2021ean bi saio antolatu dira, gaiarekin interesa dutenak elkartu eta gogoeta kolektiboarekin jarraitzeko. Ikusgarritasuna eta prestigioa izango dira aztergaiak maiatzeko saioan, eta lurraldea eta kultura aztertuko dituzte uztailean.

Hona saioen gaineko xehetasunak antolatzaileen hitzetan: “Mundu globalizatuan bizi garen honetan, gurea bezalako kultura eta hizkuntza gutxituek gero eta zailtasun handiagoak dituzte nabarmentzeko. Gutako edozeinek mundu mailako kultura du eskura eta hizkuntza handietan datorren eskaintzaren aurrean lekua egitea ez da samurra euskararen tamainako kultur eskaintzarentzat. Zaila izateak, ordea, ez dakar ezinezko izatea. Euskarak, bere eremuan, kalitatezko eta erakargarri izan behar du, ikusgarritasuna eta prestigioa lortu behar ditu. Euskaraz sortzen den kulturak badu kalitatea, beste edozein hizkuntzetan garatutakoaren pare dagoela esan dezakegu inongo zalantzarik gabe. Baina kultura gutxitua izateak, askotan, bigarren mailako bihurtzen du, prestigiorik gabeko, eta pertzepzio hori aldatzea ezinbestekoa da. Horretarako garrantzi handia du ikusgarri izateak,  inguruko beste kulturen pare agertzeak, eta horretan dugu erronka, ziur baikara, ikusgarri eta eskuragarri izanik, euskal kultura bizi eta gozatzea lor daitekeela, eta zenbat eta gehiagok egin bere, orduan eta prestigio handiagoa izango duela.
Ikusgarritasuna eta prestigioa antolatu ondoren, udan, kultura lurraldeari lotuta aztertuko dugu. Euskal kulturak lotura du lurralde jakin batekin, eta izan daiteke lurralde horren garapenerako elementu garrantzitsua. Horixe da uztaileko saioan aztergai izango duguna, nola egin kultura izan dadin lurralde baten garapenerako elementu”.

Jardunaldien gaineko informazio zehatza Hari izpia hartzen ekimenaren atarian topatuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button