
Artium Museoak eta Zas Kulturrek Javier Larreinaren (DES-) proiektua aukeratu dute artistentzako egonaldirako deialdian. Hautatutako proiektuak 1.500 banatuko ditu eta egoitza uztailaren 21etik abuztuaren 31ra bitartean izango da
Deialdiaren helburua Araban sorkuntza garaikidea lantzeko eta laguntzeko esparru bat eskaintzea da, artista gazteei laguntza, baliabide teknikoak eta ikusgarritasuna eskainiz.
Epaimahaia Artium Museoaren eta Zas Kulturren ordezkariek osatu dute eta jasotako 11 eskariak aztertu dituzte. Erabakia proiektuaren kalitatea eta berrikuntza, proposamenaren bideragarritasuna eta parte-hartzaileen ibilbide artistikoaren arabera hartu da.
Larreinaren jarduna eskulturaren arloan kokatzen da. “Interes berezia du erakusketen muntaketari eta desmuntaketari buruz, eta gogoetarako gaitzat du lan artistikoa jendaurrean erakutsi aurretik eta ondoren gertatzen dena. (DES-) proiektuaren dosierrean agertzen denez, «TFGaren defentsaren ondoren gertatu zen proiektu honetarako lehen hurbilketa», artistak erabaki baitzuen espazioan kokatutako elementuak desmuntatzeko lanak grabatzea, «etorkizunerako oroigarri modura, ikerketarako gai bihurtzeko asmorik gabe». Metodologia hori jarduerara hurbiltzeko modu bihurtu zen, gero, eta formaren eta espazioaren arteko akzio-erreakzio iraunkorrean gauzatu. Larreinak Artium Museoko egonaldiaren lau asteetarako aurkeztutako proposamenak museoko arlo guztietan lanean diharduten langileekin partekatutako zenbait ekintza barne hartzen ditu.”
Javier Larreina Morales (Vitoria-Gasteiz, 1999) Arteko graduduna da eta Ekoizpen Artistikoko masterreko ikasketak egin ditu (EHUn). Talde-erakusketetan eman du ezagutzera bere lana, zenbait hiritan, hala nola Gasteizen, Bilbon, Valentzian, Madrilen eta Logroñon.