
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako Klasikoen IV. Irakurraldia ekimenaren baitan, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso liburua irakurriko da osorik eta jendaurrean, ekainaren 16an, Bilboko Arriaga Antzokian.
“Ikasle anonimoak dira etenbako irakurraldian parte hartuko dutenak, eta era berean, euskara ikasten ari denaren festa handia izango da ekimena”, aipatu du Pedro Alberdi Bilbo Zaharra Euskaltegiko arduradunak. Horrexegatik, egitasmoaren helburua alde batetik, euskaltegiko ikasle guztien ahalegina txalotzea da eta hein berean, bestetik, gure literatura klasikoa ezagutaraztea.
“Aurten autore bizi batera egin dugu salto, Hamaika pauso lanak erabat enamoratuta gaituelako”, erantzi du Alberdik.
Aurtengoa, laugarren edizioa izango da eta abagune honetarako, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso aukeratu da ozenki irakurtzeko, aurreko urteotan Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca eta Miranderen Haur Besoetakoa lanekin egin den bezala.
Irakurraldia 08:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko da, eta lehen orduan, Ramon Saizarbitoriak berak irakurriko ditu eleberriaren lehen lerroak, irakurraldiari hasiera emanez.
Idazlearen ostean, 12 orduz jarraian, beste 400 pertsona inguru pasatuko dira zatitxoren bat irakurtzeko, eta ohikoa denez, horien artean euskal kultura, kirol, ekonomia edo politika arloetako pertsonak izango dira. Mundu osoko 15 euskal etxek ere parte hartuko dute irakurraldi honetan. Haien irakurraldiak bideoan grabatu dira aurretiaz eta antzoki barruan nahiz kanpoan horretarako jarritako pantailetan ikusi ahal izango dira, zuzeneko irakurraldiekin tartekatuta.
Gaur ere, aurkezpen honekin batera, joan den urteko jardunaldietan parte hartu zutenen ponentziak bildurik dakartzan liburukia presentatu dute prentsaurrekoan, izan ere, Klasikoen Irakurraldia honen inguruan hitzaldi zikloa antolatzen da urtero ekimen paralelo gisan, aukeratutako idazlearen obran sakontzeko asmoz.
Eta honekin lotuta ere aipatu behar da, gaur, Arantxa Urretabizkaia eta Jon Juaristiren hitzaldiak antolatu direla.
Informazio osagarria hemen duzue.