
Lisabö taldeko bateria-jotzaile Ivan Zabalegik bakarkako egitasmoa abiatu du, Nire. Irun herriko musikariak dagoeneko grabatu du lehendabiziko diskoa, Hamabost (Bidehuts), eta oraintsu gure eskuetara iritsi da.
Diskoak country-rock kutsuko zortzi kantu biltzen ditu, biluziak, one-man-band edo gizon-orkestra formatuan eraikiak; Ivanek abestu ez ezik, gitarra, bonboa eta bateria jo ditu. Hori dela eta, kantuek folk songwriter-en edo bluesman bakartien trazak ere hartzen dute.
Nabarmentzekoa da ahotsen tratamendua, izan ere, sarritan distortsionatuta entzuten dira, efektuen bidez filtratuak, eta euskaraz abestu arren, ingelesezko bertsoak ere tartekatu ditu, Zabalegik biziki miresten dituen Ama Say bizkaitarren abesteko modu hibridoari jarraituz; esaterako, western kutsuko Ihesaldia kantuan. Horretaz gainera, euskaraz ahoskatzerakoan ere, country ukitu estatubatuarra ere gehitu du, modu nahikoa naturalean.
Diskoa iragan martxoa eta maiatza bitartean grabatu du musikari gipuzkoarrak, Tolosako Bonbenerenan, Karlos Osinaga teknikariaren gidaritzapean. Diskoa egun, fabrikatik irten berria da.
Grabazioan Zabalegiren hainbat musikari-lagunek parte hartu dute: Ander Zabalegi (bateria), Mikel Lopez Ereñozaga (gitarra), David Martínez Zabalegi (gitarra), Karlos Osinaga (gitarra) eta Javi Manterola (gitarra).
Diskoaren azala Ramon M. Zabalegik diseinatu du, Kakun Rubiok egindako argazki batetik abiatuta.
Hamabost diskoaren kantuak zuzenean entzuteko parada izango duzue, laster: urriaren 4an, Irungo Kabigorrin izango da; 9an, Tolosako Bonberenean, JupiterJon eta Joseba Irazokirekin batera; urriaren 31n, Madrilgo Fotomatón tabernan, azaroaren 14an, Zaragozako Arrebaton, Sacco taldearekin batera; eta, azkenik, azaroaren 27an, Hondarribiko Psilocybe aretoan, Hanging Stars bandarekin.
Informazio gehiago Nire proiektuaren Facebook profilean.



