
Irati Goikoetxeak Andraizea (Erein) bere lehen liburua aurkeztu du gaur, Donostiako Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan egin den prentsaurrekoan.
Ia 160 orriotan, Irati Goikoetxeak hainbat emakumeren bizitza puskak bildu ditu, eta hori dela eta ipuin guztien tituluak emakumeen izenak dira. Aipatu behar da gainera, liburuan datozen lau ipuinak saridun suertatu direla On Manuel Antia, Gabriel Aresti eta Iparragirre sariketan.
Liburuaren kontrazalean hitz polit hauek datoz: “ Haizea nora, burua hara. Haizeak nondik jotzen duen, hara joaten zaigu sarri burua. Nora doanik gabe gehienetan, mahai gainean oharrik utzi gabe. Izan daiteke lepo gainean egoteaz aspertu delako; izan daiteke lepoaz haragoko lurretan zer dagoen jakiteko irrikagatik. Gozoa da buruari joaten uztea, burua joan zaigula besteei sinetsaraztea, geure erokeria propioaren protagonista komiko bihurtzea. Dramari adarra jotzea. Eta barre egitea; joandako buruaz, eta lepo gainean irudimenak hutsuneari emandako zaplaztekoez. Gozoa da ni ez naizen hori izatera jolastea, nireak ez diren galtzetan ipurdia sartzea, uste dudanaren, dakidanaren eta jakin nahi ez dudanaren artean oreka galtzea. Gozoa da aspertu nahi izatea, parekoa begiz jatea, izara-arteko pixoihalak mamu bihurtzea.
Gozoa da sinesten ez duzun hura sinetsaraztea. Eta gozoa da kontatzea, barka zenbatzea; bizitza kontatu bai, baina, bizitza ere zenbatu daitekeela ziurtatzea, bihotz erdika bihotz erdika. Dena ziurtatzea, ezer sinetsi ez arren”.
Irati Goikoetxea Segura Irratiko Itaka literatur saioaren gidaria da, eta 2+2 = 5? > mate+mate = literatura? blogaren sortzailea ere bai. 2010ean Arraroa izeneko album ilustratua argitaratu zuen, eta Inurriak eta elefanteak kontakizuna Orgasmus izeneko ipuin antologian.