
Azkuna Zentroak begirada artistiko berriak eta artearen begirada literario berriak proposatzen dituen Gutun Zuria literatura jaialdia prestatu du otsailaren 25etik martxoaren 1era arte. Bertan aurtengo Bilbao Sariak emango dizkiete euskal eta nazioarteko literatura garaikidearen erreferente diren Itxaro Borda eta Leila Guerriero idazleei.
Biek euskal makila tradizionala jasoko dute asteartean, otsailak 25, jaialdiaren inaugurazioan. Leila Guerrierok Rodrigo Fresan idazle, itzultzaile eta kazetari argentinarrarekin hitz egingo du asteartean, otsailak 25. Bestalde, Itxaro Bordak itxiko du jaialdia martxoaren 1ean, larunbata.
Itxaro Bordak (Baiona,1959) ibilbide oparoa egin du euskal literaturan eta ia literatura-genero guztietan (eleberria, ipuina, poesia) aritu da. Nabarmentzekoa da “gaien ekarpena eta aniztasunetik abiatutako ikuspegi berriak, hala nola LGTBIQ+ esparruarekin lotutakoak”. Euskal kulturaren kritikari 1980tik, literatur itzulpengintzan ere lan ugari egin ditu.
Leila Guerriero (Argentina, 1967) idazle argentinarra, Latinoamerikako kazetaritza narratiboko firma handienetako bat da. Prosa basati eta zehatz batekin eguneroko errealitatea argitzeko harridura izugarria du.
Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia “hitzarekin urtero egiten den topagunea da, fikzioaren, poesiaren, saiakeraren edo nobelaren bidez, non literatura garaikideko erreferenteek eta egungo narratibako ahots berriek parte hartzen duten”.