BERTSOTAN

“Gure aldetara”, emakume bertsolarien ahotsak

Gure Aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak izeneko diskoak Nafarroako emakume bertsolarien bertso-sortak eta ahotsak biltzen ditu. Egitasmoaren aurkezpen publikoa ekainaren 11an egingo da, 19:00etan Barañaingo Kultur Plazan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako egitasmoak bi helburu nagusi ditu: “batetik, Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada ematea, jaso eta ikusgarri egitea, eta tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea. Eta bestetik, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea, proiektu honen bidez elkarren arteko sarea sendotzea, eta emakumeek bertsolaritzan esateko dutenari bozgorailu bat eskaintzea”.

Lanak euskarazko 14 kanta ditu, banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagundurik, baina denek ere bertsoa oinarri izanik.
Bertso-sorten edukiari dagokionez, gai librekoak badira ere, “ezin uka daiteke genero perspektibatik eta feminismotik idatzitako bertsoak direnik. Hala bada, emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituzten errealitateek, gorputzari edo sexualitateari buruzko kezkek eta bertsolaritzari buruzko hausnarketek zeharkatzen dituzte lan guztiak. Horrez gain, estilo ugari jaso dira: ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten dutenak, pianoa edo biolontxeloa bezalako instrumentuen bidez lagundutako pieza klasikoagoak eta baita tradizioa estilo garaikidearekin uztartzen duten sortak ere, bertsoaren eta raparen nahasketa egiten dutenak, esaterako. Bertsoen konposizioa ere anitza da: koplatik hasi eta Argentinako payadoreen egiturak erabiltzeraino.”

Diskoa Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntza ikusarazteko eta elkarren arteko sarea sendotzeko tresna izateaz gain, bestelako balio bat ere eman nahi zaio. Hala, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko gisara zabaltzea da asmoa.

Hainbat bertso saio eskainiko dira Nafarroako herri ezberdinetan, egitasmoaren aurkezpena egiteaz gain, bertoko emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko aukera emateko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button