LITERATURA

Sarrionandiaren poemak entzungai gaur Bilbon

BBK fundazioak antolatuta, atzo hasi ziren Euskal Poesia-Poesia Vasca jardunaldiak, eta hala, egun hauetan hainbat poeta pasatuko dira Bilbotik, tankera ezberdineko errezitaldiak burutzera.

Atzo Galatea taldeak Malditas palabras errezital poetiko-musikala burutu zuen. Bihar, Yolanda Castaño poeta galiziarra izango da irailaren 19ko protagonista, Versos para escuchar y ver ikuskizunarekin. Irailaren 20an, Carmen Isasi, Marina Perez, Carmen Bereciartua eta Pablo Gonzalez de Langarikak Entre los pliegues de la luz izeneko errezitaldia egingo dute, eta, azkenik, irailaren 21ean, Tachia Quintanar aktoreak, Gabriel Garcia Marquez idazlearen testuen gaineko interpretazio ezberdinak emango ditu Isabel viendo llover en Macondo lanarekin.

Baina guk nabarmendu nahi izan dugu gaur berton, 20:00etan, euskal idazlerik oparoenetako baten gainean egingo den errezitaldia. Bertan, Bernardo Atxaga, Eñaut Elorriaga eta Mikel Inunziaga hirukoteak, Joseba Sarrionandia irakurriz izenburupeko emanaldia egingo du.

Jakin izan dugunaren arabera Sarrirenak diren poema eder batzuk irakurriko dira, tartean Etxera itzuli, Geografia edota Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin… Eñautek kantatuko ditu horietariko batzuk eta Atxagak berak irakurriko ditu gero. Beste aldetik ere, Ni ez naiz hemengoa argitaratu zuen uneari helduko dio Atxagak behinolako Sarrionandia eta gaurkoa parekatuz.

Mikel Inunziagak ere musika jarriko dio emanaldiari eta Sarriren balada bat kantatuko du.

Gaur hara hurbilduz gero poema hau ere entzungo duzue:

GEOGRAFIA

Batzu sorlekutik hurrin hiltzen dira derrigorrez.
Ataut batzu sehasketatik hurruti behar dira jarri.

Gu ez gara Igorretan hilgo, hareatzan eroriko gara gerlan jaurtiriko gezia lez.
Selban hobiratuko gaituzte, lehengusu eta lagunen gutunez estalirik.

Haizeak gure errautsak eramanen ditu, beste hizkuntzaz mintzo diren ezpainetaraino.

Gure aitaren etxeak zutik iraunen du gu gabe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button