MUSIKA

Mendebala jaialdiaren despedidarako edizioa

Santi Rodriguez Mendebala jaialdiaren kordinatzailea prentsaurrekoan agertu da gaur, ekainak 19, aurtengo Mendebala jaialdiaren gaineko xehetasunak eta hamahiru urteetako lanaren gaineko zertzelada batzuk emateko, izan ere, aurtengoa Mendebala jaialdiaren despedidarako edizioa izango da, krisiak eta murrizketek izan dutelako beste ondorio zuzen bat Sopuertako Folk Jaialdian.

Egitaraua uztailaren 6an, larunbata, ondu da, 21:00etatik aurrera. Penintsularen iparraldeko taldeak nagusituko dira Sopuerta herrian antolatu den azken edizio honetan. Hala, Euskal Herritik Xabi Aburruzaga eta Emon taldeek egingo dituzte kontzertuak (euskal musika tradiziozkoa eta jaietarako martxa jartzen dakien talde berria). Era berean, Celtas Cortos, Bierzoko Aira da Pedra eta Aragoitik Prau taldeak arituko dira. Gogoratu sarrera doan dela.

“Ez dugu ezer berri deskubritzen sasoi latzak direla esaten badugu, finantzak eta merkatu-ekonomia zuzentzen eta kontrolatzen dutenek oso bide makurra jarri diotela gizarteari esatea ez da nobedadea. Egoera honek bete-betean ukitu dio jaialdiaren antolakuntzari; eta mundu honetan diruak agintzen duenez, zoritzarrez, oso zaila da doaneko ekitaldiak mantentzea, are gehiago arlo soziokulturalari lotutakoak baldin badira. Honen ondorioz, Mendebala Elkartearen Batzordeak jakinarazi nahi du hauxe dela agurreko edizioa”, komentatu du Santi Rodriguezek.

“Puntu eta aparte bat izango da, izan ere, gure zikloa itxi behar dela uste dugu. Eta hamahiru urte hauen ostean, eta publikoarekiko errespetuagatik, amaiera duin bat ematea pentsatu dugu antolakuntzan aritu garenok. Eta horretarako gurekin harreman berezia gorde duten taldeak ekartzea deliberatu dugu”, gehitu du geroago.

Ez dakigu benetako despedida izango ote den baina, uztailaren 6an, badugu ezinbesteko hitzordua Sopuerta herrian Mendebala jaialdiarekin, jende honi babesa eta esker ona emateko, beste musika mota hori aireratzeko eta zabaltzeko egindako ahaleginarengatik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button