
Gorakada taldea bere 25. urteurrena ospatzen ari da, eta asteburu honetan, Campos Eliseos Antzokian, J. Verneren liburuan oinarritutako Munduari itzulia antzezlanaren taularatzea egingo du. Julio Salvatierrak eginiko moldaketa ikusteko abagunea urriaren 27an izango da, eguerdiko 12:00etan euskaraz, eta arratsaldeko 17:00etan gazteleraz.
Julio Vernek asmatutako pertsonaiak, puntualitatea eta zuhurtasuna obsesio zituen Fhileas Fogg bidaiaria, eta berarekin munduari itzulia 80 egunetan egin zuen laguntzailea Passepartout, gogora ekarriko dituzte Gorakada taldekoek beren 25. urteurrenean.
Vernek duela ehun urte baino gehiago idatzitako eleberri klasikoan oinarri izan arren, moldaketa erabat landua eta berria eskaintzen du Alex Diazek koordinatzen duen taldeak. Fran Lasuen zuzendari musikala izan da.
Hortaz, obra honetan zuzeneko musika, txotxongiloak eta bestelako kontuak topatuko ditu zaleak.
Aktore sorta azpimarragarria ere osatzen dute Munduari Itzulia: Jose Cruz Gurrutxaga, Aritza Rodríguez eta Miren Larrea. Bestalde, Jose Ibarrola eta Javi Tirado eszenografiaren erantzule dira. Antzezkizunaren zuzendaritza José Carlos Garcíak darama eta antzerki-moldaketa Julio Salvatierrak egin du.
Agenda beteta dauka Gorakadak.