MUSIKA

Sermond's taldeak punk rock doinuak bildu ditu bigarren lanean

Aurkezpen ekitaldian Gotzan abeslaria eta Iñigo gitarra jotzailea izan dira. Bi musikariekin batera Mauka Musikagintza zigiluko ordezkariak izan dira.

Gitarra jotzailearen aburuz, rock and roll eta punk rock zaleak eskertzen du diskoak argitaratzea, diskogintzaren krisia gorabehera. "Zuzenekoek ere harrera ona izaten dute zale horien artean" nabarmendu du. "Gure etorkizuna zuzenekoa da" gaineratu du, abeslariak.

Diskoa Karlos Txap Osinagarekin grabatu dute Tolosako Bonberenean iazko azaroan. Izan ere, rock estilo gogorren jarraitzaileak izanda, Elorriokoek soinu "gogor eta potola" bilatzen zuten eta "Txap-engan pentsatu genuen". Grabatzerakoan zeintzuk eredu izan zituzten buruan galdetu diegu. Talde jakin batzuen soinua baino, euren soinua bilatzen saiatu direla erantzun digute. Hala ere, grabazioan Ingalaterrako, Eskandinaviako eta Australiako taldeen ukituak nabaritzen direla aipatu dute.

Horren harira, Iker Barandiaran kazetari arrasatearrak diskoaren inguruan egin duen oharrean honako eragin hauek izan ditu hizpide: Turbonegro norvegiarrak, 70eko hamarkadako Sonic Rendezvouz Band iparamerikarrak edo Hot Dogs gipuzkoarrak.

Sermond's taldean Dirties, Arto Bixarra edo Midnight Murders bandetan aritutako musikariek jotzen dute. Beraz, punk esparruan eskarmentu handiko musikariak dira. "Punk rocka egiten duen jende asko dago, kontu hau nahikoa ziklikoa izan arren. Merkaturatzen diren diskoek ere eragina izaten dute horretan. Nolanahi ere, panorama ez da oso dinamikoa ez punk rockean ez beste estiloetan", amaitu du esaten Iñigok.

Hona Amaiera hasieran dator diskoa aurkezteko asmoz taldeak eskainiko dituen hurrengo kontzertuak: hilaren 26an Eskoriatzako Ikerni tabernan izango dira; martxoaren 5ean Mutrikuko gaztetxean; 18an Leitzako gaztetxean; eta 19an Zaladibarren (azken hiru horietan Rat-zinger taldea izango dute lagun). Azkenik, martxoaren 25ean Deustun izango dira, berriro ere Rat-zinger koadrilarekin eta Governorsekin.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button